Ikastolon agerraldia Lege Berriaren aurrean

2022/11/22

Euskal Herriko Ikastolak, beste behin bat eginik, agerraldia egin genuen igaro den azaroaren 22an Euskal Hezkuntza Zerbitzuaren inguruan dugun jarrera modu bateratuan gizarteari aurkezteko asmoz.

Agerraldia_2022_11_22
Agerraldia
Euskal Herriko ikastolak elkarlanean bat eginik

 

Ikastola guztietako ordezkari, artezkaritzako kide eta zuzendariak Donostian bildu gara modu bateratuan antolatu den agerraldi orokorrean. Lege berriaren zirriborroaren aurrean, inoiz baino gehiago Ikastola izaera eta eredua defendatu beharra ikusi da, honako testua irakurri delarik bartan:

Gu ikastola gara, Euskal Herriko zazpi lurraldeetan zehar banatuak gauden Euskal hezkuntza eragile bakarrak. Eta horregatik gaur ere, zazpi lurraldeetako ordezkariak elkartu gara hemen, 113 ikastoletako zuzendari eta artezkaritza kideekin batera, gure izaerari erantzunez, elkarlanean eta guztion artean eraikitako mezua helarazteko asmoz.

2022ko martxoaren 31n baloratu genuen EAJ, EHBildu, PSE eta Elkarrekin Podemos alderdiek adostutako EUSKAL HEZKUNTZAREN ERALDAKETARAKO OINARRIEN AKORDIOAren zirriborroa. Balorazio hartan, sinatu berri zuten akordioan jasotzen ziren puntu eta ideia batzuk begi onez ikusi genituen. Esate baterako: ikasleek eskuratu beharreko hizkuntza-komunikaziorako gaitasun maila(k) zehaztea, Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren (EHZP) sorrera, definizioa eta parte izateko bete beharreko baldintza eta konpromisoak akordioan bertan jasota egotea edota segregazioa ekiditeko proposamenak zehaztea besteak beste. Aldi berean, baziren kezka eta ardura sortzen zizkiguten beste hainbat gako ere; Euskal Herriaren aipamen falta, eskolatze batzordearen osaera ez definitzea, Euskal Curriculumari erreferentzialtasun eza, Hizkuntzen tratamenduaren gaineko zehaztapen falta, 0-3 zikloari dagokion proposamena eta abar. Orduan aurreratu genuen bide luzea genuela eraikitzeko; orduan abiatzen zela lanik zailena eta esanguratsuena, legearen idazketa prozesua alegia. Azpimarratu genuen hitzarmenak jasotzen zuenak legean zehaztapen handiagoa beharko zuela izan eta idazketa prozesuan gorabeheratsu horiek iritsi zirela egongo zirela. Momentu gorabeheratsu horiek iritsi dira, baina ziur gaude orain arte erakutsitako jarrera eraikitzaileari eusteko gai bagara, bizi dugun abagune historiko hau arrakastarekin gauzatzeko aukera dugula. 

Zazpi hilabete eta gehiago joan dira azalpen horiek eman genituenetik eta bidean, irailaren hasieran, Hezkuntza Legearen lehen zirriborroa ezagutu genuen. Dokumentua irakurtzean, orduan esandakoa berretsi ahal izan genuen. Hau da, legeak eskatzen dituen zehaztapenetan desadostasunak eta ondorioz, gora-beherak izango genituela. 

Azken hilabeteetan ikastoletan eztabaida prozesuak ireki ditugu, gure komunitatearen iritzia jaso nahi izan dugu. Horrez gain, eskualdeko bilerak antolatu eta gauzatu ditugu lege zirriborroaren nondik norakoak aztertu eta ikastolen premia eta nahiak jasotzeko

Gaurko ekimen honen bitartez, gogoetaren ondorioak zuekin, Euskal Herritarrekin partekatu nahi ditugu. Ez diogu lege zirriborroari eta bere artikulatuari erreferentzia zuzenik egingo, begirada orokorrago batetik helduko diogu gaiari.

 

1. Gure ustez, Lege honek Euskal Herriko Hezkuntza Sistema eraldatzen lagundu behar du eta horretarako dauden aukerak azaleratzen saiatuko gara.

2. Euskal Herriko hezkuntza sistema bi estatuk eta hiru administrazio desberdinek arautzen dituzte, eta horrek zaildu egiten du euskal lurralde osorako proiektuak bideratzea. Ikastolok, horretan ahalegin berezia egiten dugu; Euskal lurralde osorako proiektu bakarra da gurea, eta administrazio desberdinek bete ezin dituzten hainbat hutsune betetzen ditugu ikastolok gure jardunarekin. Zazpi lurraldeetako ikastolen arteko elkarlana sustatuz, proiektu komunak landuz edo eta gehien behar duten ikastolentzat elkartasun ekimenak bultzatuz. Euskal Herri honetan orain arte behintzat instituzioek ez digute marko legal egokirik eskaini, eta ondorioz Espainiako edo Frantziako eskema dualean sartzera behartu gaituzte. Baina ikastolok bestelako eredu bat izan nahi dugu, eta gogor egin dugu lan horretarako. Gaur egun, garaiak erabat aldatu diren arren, Euskal Herriarekin dugun konpromisoari eutsi eta gure ezaugarriak gizarte osoari eskaini nahi dizkiogu:

 

-. Gure ardatza den euskaraz gain; 

-. euskal kulturaren transmisioa, 

-. euskal curriculuma 

-. gobernantza eredu demokratikoa 

-. parte hartzea, elkarlana, auzolana, 

-. berrikuntza, 

-. materialgintza propioa…

 

Horregatik, gure indargune diren ezaugarri hauek mantentzeko eta zabaltzeko marko legal berri bat aldarrikatzen dugu. 

3. Gure helburua hezkuntza sistema propioa da, eta horretarako urratsak eman ditugu azken hamarkadetan. Eta orain ere badagokigu urratsak ematea, eskuzabal baina sendo. Urte guzti hauetan euskal hezkuntzari egin diogun ekarpena egiten jarraitzeko asmoa dugu. 

Ikastolon ezaugarri nagusietako bat da hezkuntza komunitatean oinarritzen garela, hezkuntza inklusibo eta euskaldunaren aldeko apustua egin nahi badugu komunitatean oinarritu behar dugu. Hori da Lege honi eskatu behar dioguna, eskolaren autonomia erreala bermatzea, gureak diren ezaugarri horiek ahalik eta zabalkunde handiena izan dezaten, bokazio publikoz jaio baikinen. Eta horretarako ezinbesteko iruditzen zaigu publiko-pribatu dikotonomia gainditzea, eta Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa ardaztuko duen sistema arautzea

4. Euskal gizarteak erronka potoloak ditu egun. Beste batzuen artean, segregazioa eta Euskara eta euskal kulturaren transmisioa. Eta hauei, herri moduan erantzun behar diegula argi dugu, modu kolektiboan eta

 

eragile desberdinen arteko elkarlanaren bidez. Erronka hauek aurrean izanda, ezin dugu (ikastolok ez gara egongo) eragileen artean mokoka ibili, denok gara beharrezkoak, ez da gure artean liskarrak sortzeko garaia, herri gisara pentsatuz elkarrekin ekiteko unea baizik. 

Euskararen arloan, kultur transmisioa ziurtatzeko zein segregazioari aurre egiteko neurrietan, handira jokatzeko unea dela aldarrikatzen dugu. 

5. Ikaslea ardatz. Hezkuntza berrikuntzan jarri nahi dugu arreta, horretarako, pedagogia eredu aurreratua, ebidentzia zientifikoan oinarritua, pertsonaren garapenean zentratua... aldarrikatzen dugu. Pertsona bere osotasunean, alderdi fisiko zein emozional-mentalean , orekatua izatea bilatuko duena. 

6. Gure gizartean dugun tradizioari jarraituz, eredu herritar baten alde egiten dugu guk. Zerbitzu publikoa ardatz, baina herritarra, udalen parte hartze zuzenarekin. Eta erabakietan komunitateak parte hartuko duen eredu baten alde egiten dugu. Eragileen arteko elkarlanarekin elikatuko dena. Behar beharrezkoa baitugu euskalgintzan, kulturgintzan, aisialdian zein herrigintzan dabilen eragile ororekin diseinatzea gure etorkizuna. 

7. Lehen aipatu dugun bezala orain arte behintzat Espainiako edo Frantziako eskema dualean sartzera behartzen gaituzte, baina une honetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan besterik ez bada ere, aukera ikusten dugu marko dual hori puskatzeko, alde batetik, eta Euskal Herriko ikastetxeen arteko proiektu komunak bideratzeko, bestetik. Garbi adierazi nahi dugu ez dugula inolaz ere alde batera utziko, Iparraldean eta Nafarroan euskarazko irakaskuntzan ari diren ikastolekin dugun konpromisoa. 

8. Eta hori da hain zuzen ere agerraldi honetan eskatu nahi duguna: 

Zehaztu ditzagun Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoan parte hartzeko ikastetxeek bete behar dituzten baldintzak, izango dituzten eskubide eta betebeharrak. 

Bultzatu dezagun sistema euskalduna, integratzailea, ikastetxeen autonomia erreala bermatuko duena

● Eta horretarako baliatu ditzagun orain arte egon diren esperientzia eta errealitate ezberdinak. Ikastolok asko lagundu dezakegu horretan. Esperientzia handia eta autogestionatua izan dugu, Euskal Herri osoan errealitate bihurtu dugun eredua 

Sinisten dugu Euskal Herriko agintari, alderdi politiko eta hezkuntza eragileon gaitasunean eta konpromisoan. Hezkuntza sistema berri baterantz egin nahi dugun bidean adostasunak bilatzeko ahalegina egin behar dugu denok. Gure aukera da.

 

Erreparatu diezaiogun batzen gaituenari eta egin dezagun bidea hortik abiatuz, eragile guztiak aukera berdintasunean eta elkarlanean. 

Eta momentu honetan gauzatu ezin dezakegunari (Euskal Herria, esperientzia eta errealitate ezberdinak elkartu) eman diezaiogun aukera etorkizunean gauza dadin, ez diezazkiogun atea itxi etorkizunari. 

Eta hori da alderdi politikoei, gizarte eragileei eta gizarte osoari eskaini eta eskatu nahi dioguna

Benetan Euskal Hezkuntza Sistema berri, ezberdin eta eraldatzaile batean sinisten badugu, batu gaitezen denok, har dezagun esperientzia ezberdinetatik bakoitzetik onena, eta utz diezaiogun etorkizuneko Euskal Herriari atea irekita. 

Eta uler dezagun legea Euskal Hezkuntza Sistema propioaren bidean urrats garrantzitsu moduan. Ezar diezaiogun zoru sendoa, zehaztasun handienarekin. Eta trantsizio horretan, bide horretan, ikastolok hor egongo gara, laguntzeko eta eztabaidatzeko prest, zintzo eta leial. Jarrera ireki eta eraikitzailearekin orain arte bezala. 

Gu Euskara 

Gu Euskal Herria 

Gu Ikastola

 

Azken albisteak

2022-12-02
Iritsi da azkenean Erdiko Aretoa berriro ere ikaslez betetzeko eguna! Gaur ospatu dugu euskararen egun erraldoia, maila guztietara eta ikasle guztiengana iritsi den hainbat ekitaldiren bitartez.
2022-11-29
Abenduaren 13an, asteartea, 18:00etan lehen deialdian eta 18:30ean bigarrenean, P.M. Urruzuno Kooperatibaren urteko Ohiko Batzar Nagusia ospatuko da. Bilera telematikoki jarraitzeko aukera izango da.
2022-11-14
Azaroaren 18an Euskaraldiari hasiera eman genion ikastolan ere, abenduaren 2a bitarte ospatuko den Euskal Herri mailako ekimen erraldoi honetan. Argazkian Elgoibar Ikastolako langileak.
2022-11-11
Eleaniztasuna eta kulturartekotasuna lantzen urte askotan pilatutako esperientzia baliatuz (hortxe da, horren isla, Litherland High Schoolekin 20 urtez! izan dugun Elkartrukea programa), eta helburu eta asmo horiei segida eman nahian, ikasturte honetan Erasmus+ programan parte hartzea erabaki du Elgoibar Ikastolak, eta onartuak izateko lehiaketa gainditu ostean baietsia izan da bere eskaera bertan parte hartzeko