Elgoibar Ikastola STEAMsare programan

Elgoibar Ikastolak bat egin du 37 ikastetxe eta 21 eragile sozioekonomiko bilduko dituen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak sortutako STEAMsare programarekin.

STEAM hezkuntza bultzatuko duen programa hau (Science, Technology, Engineering, Arts eta Mathematics hitzen ingelesezko akronimoa) ikastetxe, enpresa eta eragile zientifiko-teknologikoen sare bat sortzeko helburuarekin jaio da, eta Elgoibar Ikastolan azken urteotan abian den eraldatze pedagogikoa osatzera dator.

Eraldatze pedagogiko honen baitan, Elgoibar Ikastolak Pentsaera Konputazionala izeneko jarduna jarria du martxan iazko ikasturtetik (2019-20 ikasturtean LH 4tik abiatuko da), oso baliagarria baita edozein sistema, prozesu edo problema mota ulertzeko eta ebazteko, ikasleei oso tresna baliotsua eskainiz bizitza errealeko erronkei aurre egiteko. Lehen Hezkuntzako 6. mailatik gora Robotika izeneko jardunarekin jarraitzen du ibilbidea Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan ere segida duelarik. STEAMsare programaren bitartez, orain, urrats bat gehitu nahi da DBHko ikasleei zientzia eta teknologia arloko ikasgaien eta lanbideen irudi errealista, positiboa eta askotarikoa eskainiz eta arlo horretan bokazioak sustatuz. Programaren helburuarekin bat eginez, era berean, zientzia arloetan neska-mutilentzat baliagarriak izango diren ereduak eskaintzea da helburua, arlo hauetan historikoki falta izan den genero arteko ikuspegi berdintasunean azpimarra berezia eginez.

Programa honen bidez, ikastolek, enpresek eta eragile zientifiko-teknologikoek elkarrekin lan egingo dute urtean zehar. Eragile gisa Elgoibar Ikastolak Berrikuntzaren Euskal Agentzia – Innobasquerekin eta IMH Makina-Erremintaren Institutuarekin batera arituko da elkarlanean. Horretaz gain, STEAMsaren parte hartuko duten arlo industrialeko 21 enpresen artetik, ikastolarekin arituko dira Alcorta, AVS, eta Pixel Sistemas konpainiak.

Hezkuntza-curriculuma aberasteko hainbat jarduera garatuko dira, era horretan neska-mutilei laguntza emanez aipatutako ikasgaiei benetako testuingurua ematen. Gainera, enplegu horien lan-errealitatea, profil profesionalen aniztasuna eta euskal industria-ehunaren aberastasuna erakutsiko dira, enpresetara egindako bisiten, erronka teknologikoei buruzko tailerren edo espezialistekin egindako bileren bidez.

STEAMsare programaren onurak

Programa honen bidez, zientziaren eta teknologiaren irakaskuntza motibatzaileago eta praktikoago baten alde egiten da, benetako lan-testuinguruetan garatuko dena. Horrela, ikasleen gaitasun zientifikoak eta teknologikoak hobetzen lagundu nahi du Sailak, eta eremu horretako bokazioak piztu, tokiko talentuaren garapena sustatuz. 

STEAM Hezkuntza bultzatzea lehentasun bihurtu da Hezkuntza Sailarentzat; izan ere, STEAM Euskadi Estrategiaren eta EAEko 2020ko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren helburuetatik eratorria baita programa hau (37 ikastetxe eta 21 eragile sozioekonomiko arituko gara elkarlanean). Zehatzago, ezagutzaren esparru guztietan (zientzia eta teknologia, gizarte zientziak, humanitateak eta arteak) prestakuntza-bokazioak lankidetzan sustatzeko helburuari loturik. Era horretan, talentua orientatzeko eta prestatzeko prozesuak lehentasunezko lan-ildo gisa indartzen dira, adin goiztiarretan hasita.  

 

Etiketak: