Txikipedia elikatzeko erronka

Txikipedia elikatzeko erronka

 

 

Txikipedia edukiz elikatzeko “Nik, zuk, Guk 300 bai?” erronkan parte hartuko du Elgoibar Ikastolak Euskal Herriko beste 18 ikastolekin batera. Emakumezkoen biografiak, bereziki kirolarienak, osatzea izango dugu aurten helburu.

 

Ikastolen Elkarteak eta Euskal Wikilarien Elkarteak bigarren urtez eta elkarlanean martxan jarri duten Txikipedia edukiz betetzeko egitasmoan parte hartuko du aurten ere Elgoibar Ikastolak Euskal Herri osoko beste 18 ikastolekin batera.

NIK, ZUK, GUK… 300 bai? erronkaren bitartez euskarak eta euskal kulturak sarean duen presentzia areagotzea da helburu, bide batez konpetentzia digitalaren garapena uztartuz.  Xede nagusia, berriz, emakumezkoen biografiak, eta bereziki emakume kirolarienak, euskaraz sortzea.

Informazioaren garaian bizi garen arren euskaraz informazioa aurkitzeko zailtasunak agerian geratzen dira, eta ondorioz, gure hizkuntza minorizatuak sarean duen egoera ere bai. Ondare kulturalaren zabalkunderako apostua dugula esan dezakegu, eta ez hori bakarrik, gaur egungo gazteen ohituretara hurbilduz, hauek egoeraren kontzientzia har dezaten ere bilatzen du erronka honek.

Hortaz, “Nik, zuk, guk…300 bai? Erronkaren bitartez helburu hauek lortu nahi dira:

Sarean orokorrean eta Txikipedian zehazki, euskararen presentzia areagotzea.

Gizon eta emakumeen presentziaren aurrean, sarean oro har eta Txikipedian zehazki dagoen arrakalaz sentsibilizatzea eta arazoa konpontzeko parte hartze aktiboa izatea.

Konpetentzia digitalaren garapena lantzea.

Gure hizkuntza minorizatuak sarean duen egoeraz kontzientzia hartzea eta eragile aktibo bilakatzea.

Erronka urtarriletik martxora bitarte garatuko dute ikastolako DBH 1. mailako ikasleek, eta tokian tokiko emakumeei edo Euskal Herriko emakumeei ikusgarritasuna ematen ahaleginduko da. Historiako parte diren baina gutxi ezagutzen diren edota sarean presentzia txikia duten emakumeen biografiaz osatu nahi dugu Txikipedia. Arlo ezberdinetako emakumeak aukeratuko diren arren, (musika, bertsolaritza…) emakume kirolariei eman nahi zaie hedapena.