Skip to main content

Ikastolako Berriak

2024-05-03
Maiatzaren 12an ospatuko da Herri Urrats, Senperen, eta bertara joateko autobusa antolatu dugu elkarlanean Elgoibar Ikastolak eta Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topaguneak. Izena emateko: Elgoibar Ikastolan, Elgoibarko Izarran edo on-line, maiatzaren 7a baino lehen. https://labur.eus/HerriUrratseraElgoibartik
2024-05-03
Aurreko astean LH3 ko ikasleak Lingolang proiektuan parte hartu zuten. Proiektu honen helburua gure herrietako hizkuntza aniztasuna erakustea da, euskaraz gain, beste hainbat hizkuntza hitz egiten baitira gure ikastola, kale eta auzoetan. Honez gain, jatorri desberdineko gelako guraso batzuek beraien kulturaren nondik norakoak ikasleekin partekatu zituzten.
2024-05-03
Irakurzaletasuna sustatzeko Galtzagorriren irakasleentzako lantegiak egitasmoaren baitan, Mireia Delgado izan dugu astean ikastolan, DBHko irakasleekin hartuemanean. Proiektu honen helburua gure ikasleengan euskaraz irakurtzeko zaletasuna sustatzea izanik, gida interesgarria erakusteaz bat irakurketa desberdinak egiteko moduak partekatu zizkigun Mireiak. Hainbat izenburu aurkeztu zizkigun, gehienak argitaratu berriak eta genero desberdinetakoak, nazioarteko hitzik gabeko ale bat tartean. Esperientzia polita bizi genuena!
2024-04-29
Morkaikok Ikastolako eta Herri Eskolako gurasoekin batera antolaturiko mendi irteeren ikasturteko azken txangoa izan zen igandean. Apirileko mendi irteera hori Euskal Mendi Federazioak antolatu duen “100 urte 100 mendi” jardueraren barruan burutu da. Ekimena osatzeko Elgoibartarrok Erlo mendia igo genuen.
2024-04-26
2023-2024 urtean jaiotako haurren matrikulazio aldia zabalik maiatzaren 10a arte. Bisita pertsonalizatuak egiteko aukera.
2024-04-24
Guztira, 20 ikastetxek parte hartzen dugu Debabarrenean Eskolako Agenda 2030 programan. Programaren baitan, hezkuntza komunitate osoari zuzendutako ekintzak antolatzen dira, ikasle, irakasle eta familiei zuzenduak. Aurten Energia eskuragarria eta ez-kutsagarria gaia landu dugu. Artikulu honek Eskolako Agenda 30 Debabarrenean zertan den azaltzea du helburu.
2024-04-23
Paula Etxeberria, Malen Meabebasterretxea eta Alex Roldan ikasle ohiak etorri zaizkigu gaurkoan ikastolara institutuko euskara batzordearen izenean. DBHko 4. mailako ikasleek hurrengo ikasturteari begira har dezaketen aukera edozein dela ere, hauei zuzenduriko saio motibazionala izan da, eta euskararekiko atxikimendua mantentzeko helburuz etorri dira gure ikasleen artean mezu hori zabalduz.
2024-04-23
Morkaiko mendizale elkarteak, Ikastolako eta Herri Eskolako gurasoekin batera antolatzen dituen mendi irteeren baitan, irteera berria proposatzen digu apirilak 28rako: Erlora izango da.