Urriaren 13an zendu zen Inazio Garmendia, Elgoibar Ikastolako irakasle ohia eta herriko euskalgintzan ibilbide luzea egindako euskaltzale konprometitua.
Inaziok euskararen irakaskuntzan eta sustapenean jardun zuen urte luzez. Elgoibar Ikastolako irakasle izateaz gain, Elgoibarko Izarra elkartearen ibilbidean ere parte-hartze esanguratsua izan zuen, bereziki 1990eko hamarkadan elkartearen jarraipena eta berrindartzea bultzatu zutenen artean.
Euskararekiko maitasuna eta konpromisoa izan zituen bere jardunaren ardatz, hezkuntzatik zein herrigintzatik euskararen transmisioaren eta erabileraren alde lan eginez.
Elgoibar Ikastolako komunitatetik, eskerrik beroenak eman nahi dizkiogu egindako ekarpenagatik, eta gure doluminik zintzoenak helarazi bere senide eta gertukoei, bereziki Mari Juli Konde emazteari, gure ikastolako irakasle izandakoari. Biei gure komunitatearen parte izateagatik eta urte hauetan guztietan egindako ekarpenagatik eskerrak eman nahi dizkiegu.
Eskerrik asko, Inazio. Zure ekarpena gure oroimenean geratuko da.