Taldean egiten dugu lan eta taldearentzat: elkarrekin eta elkarrengandik ikasiz
Ikastolen Elkartea Euskal Herri osoko 113 ikastolak osatzen dugu. 113 ikastola gara, 57.000 ikasletik gora ditugu, milaka familia, eta 6.000 irakasle eta bestelako langileak. Bere izaera kooperatiboa da, eta europar mailako kooperatiba da: Euskal Herriko Ikastolak Europar Kooperatiba Elkartea da bere izen ofiziala.
Izaera kooperatiboari jarraituz, taldean egiten dugu lan eta taldearentzat: elkarrekin eta elkarrengandik ikasiz, eta proiektuak batera eramanez.
Hezkuntza eredu propioa
Euskal Herri mailako ikuspegiarekin, hezkuntza eredu propioaren bitartez, euskaratik eta euskaraz, euskal curriculuma ardatz hartuta, begirada etorkizunean jarrita ari gara lanean.
Ikastolen Elkartearen bitartez Ikastola Eredua sakontzen eta zabaltzen ari gara, eguneratzen eta etorkizunari begira jartzen, euskal curriculuma eraikitzen, material eta metodologia berriak bideratzen, finean, Euskal Hezkuntza Sistema hobetzen eta osatzen. Ikastolen Elkartean sortzen diren ikas-materialak Ikaselkar argitaletxearen bitartez ekoizten ditugu, eta gizarte osoak ditu eskuragarri.
Era berean, Ikastolen Elkarteak prestakuntza saioak eta beste hainbat zerbitzu ere bideratzen ditu: mota ezberdinetako mintegiak, zirimola aisialdi taldea…
Elkartasuna ere bada ikastolen ezaugarri nagusietako bat, eta hori horrela izanik, Elkartasun Ikastolak Europar Kooperatiba Elkartearen bitartez, urtero, beharrik handiena duten ikastolei bultzada ekonomikoa ematen diegu gainerako ikastolok.
Ikastolak, hezkuntza eraldatzen
Ikastolen mugimendua Ikastolen Elkartearen inguruan batzen da, eta horrela, elkarrekin, hezkuntza eraldatzen jarraituko dugu.