Pausoz Pauso
Haur Hezkuntza bi ziklok (0-3, 3-6) osatzen dute, biek elkarren artean lotura handia dutelarik.
Haur Hezkuntzan bi eremu lantzen ditugu:
1.- Nortasunaren eraikuntzaren eta ingurune fisiko eta sozialaren ezaguera.
2.- Nortasunaren eraikuntzaren eta komunikazioaren eta adierazpenaren ezaguera.
Etapa honek, haurrak bere buruarekiko irudi positiboa garatu eta dituen ahalbideetan konfiantza izanez bere gorputza eta ingurua ezagutzen joatea du helburu.
Era globalizatzaile batean egiten dugu lan eta haurrek dakartzaten aurre-ezagutzetatik abiatzen gara. Manipulazioaren, jolasaren eta esperimentazioaren bitartez, haurren ezagupena eraikitzen joaten gara gure heziketan ekintzei lehentasuna emanez.
Euskara, heziketa prozesuan transmisio hizkuntza izanik, gure ikasleak, 4 urterekin, ingelesaren lanketan ere hasten dira.
Baditugu, bestalde, esku-hartze neurriak ere hobetu beharrak azaltzen dituzten ikasleentzat.
Ikastolan ohikoa den berrikuntzen ikerketarako eta esperimentaziorako dinamika jarraiki, eta azkenengo ikasturteetan Mondragon Unibertsitateko HAZITEGI ikerketa taldearekin eta EHI-ko HH-ko dinamizatzaileekin lankidetzan hainbat urrats eman ondoren, geure hautu metodologikoa garatu nahi dugu.
2014-15 ikasturtean, Haur Hezkuntzan hasi genuen eraldaketa prozesuari “Pausoz Pauso” deitu genion, ordura arte egindakotik abiatuta berrikuntza bidean murgiltzeko ahaleginari ekiten zitzaiolako. Bideoak egitasmoa HH 0-3an abian jarri zenez, bertan emandako lehenen urratsak erakusten ditu.
Horretarako, espazioen aprobetxamendua hobetu da eta gelek tailer integralen izaera hartu dute, beren baitan eremu desberdinak garatu ahal izateko:
- Tailer sinbolikoa: imitazioa nagusi den tailer honetan haurrek beraien emozio eta desioak adierazteko aukera dute, antzerki, musika, etxe, txoko eta abarren bitartez.
- Matematika, Logika eta Eraiketa-Tailerra: Haurrek material ugari dute eskura galderak sorrarazteko, egiturak identifikatzeko edo eta harremanak sortzeko.
- Plastika eta Esperimentazio-Tailerra: Haurrek beraien ideiak eta emozioak beste modu batean adierazteko aukera izango dute. Teknika desberdinak bereganatzeko hastapenetatik abiatuta, esperimentazio egonkorrari sarbidea ematen zaio.
- Ipuin eta Ikus-entzunezko-Tailerra: Haurren sentimendu eta nahietatik baino hurbilago dagoela fantasia kontuan hartuta, ipuinak eta irudiak bitarteko, fikzioari leku egiten diogu.