Abenduaren 13an burutu zuen P. M. Urruzuno Kooperatibak bere urteroko Batzar Nagusia. Gure ikastolaren argazki zehatza agertu nahirik, hitz bitan garatu nahi izan dugu bertan adierazitakoak. Ezagutu gure ikastolaren berezitasunak.

Familiak
![]()
Herritik sortutako ikastola gara, herriak herriarentzat sortua. Elgoibarko gurasoek bertako profesionalen laguntzaz aurrera eramandako proiektua, bertako errealitatea hurbiletik jarraitzeko eta zerbitzatzeko bokazioz. Modu berezian zaindu nahi ditugu jantokia eta instalakuntzak, gure zerbitzu sarea oro har. Aurten, eskolaz kanpoko jardunen eskaintza ere zabaldu eta egonkortu dugu.
Ikasleak
![]()
1002 haur eta gazte. Eta bakoitza ikustea helburu, bakoitza den horretatik abiatuz hazten laguntzea, akonpainamendu egokia eta ibilbide guztian zehar koherentea eskaintzea 0-16 adin tartean. Urte askotako lan-esperientzian oinarrituta, Elgoibar Ikastolan proiektu eta programa sare bat eratu dugu, euskaratik eta Euskal Herritik mundura, gizarte etengabe aldakor baten aurrean erronka desberdinei aurre egiteko gai izango diren pertsonak hezteko.
Pertsonak
![]()
Ikastola bezala gure ezaugarria da profesionalak egonkortzea irakasle talde sendoak eratuz. Eskaintza pedagogikoa era bateratuan ulertzen eta jarraitzen duten lan talde egonkorrak izatea. Horrek desberdintzen gaitu. Egiturak eta egikerak indartzea eta garai berrietara egokitzea da gure erronka.
Antolaketa
![]()
Gobernantzan autonomoa, antolaketa propioa hezkuntza eskaintza gure herrira eta gure errealitatera hobekien egokitu asmoz. Hezkuntza Lege berriaren atarian, beti definitu izan gaituen ezaugarri horrek ematen digu indarra. Horretan jarraitzea da gure bermea. Iturri zaharretik edaten segitzea.
Pedagogia
![]()
Curriculum berriaren ezarpen mailakatua emango da ikasturte honen eta datorrenaren artean. Curriculum berriaren printzipioak bat datoz azken urteetan garatzen ari garen eraldaketa pedadogikoarekin, batik bat ebaluazio hezigarriaren inguruan egiten ari garen lanarekin. Gure irizpideak garatzen lagunduko diguten material berrienen ezarpenean eta horien baitako formakuntzan eta aurkezpenean jarraitzen dugu. Esaterako, LH 1etik LH 4ra bitartean Pyctoidazketa eta Innovamat materialak.
Kudeaketa
![]()
Kooperatiba gara. Guraso eta lan bazkideek osaturiko komunitatea da gurea. Horrek egiten gaitu desberdin eta hori nabarmentzea da gure etorkizunerako bermea. Azken Asanblada Orokorrean P.M. Urruzuno kooperatibako estamentuen berritze partziala gauzatu dugu.