Skip to main content

MUSKURUTXUKO "PARAPAN" LURSAILA

Irudia

Joan den maiatzaren 23an Muskurutxuko “Parapan” lursailaren inaugurazio ofiziala ospatu genuen Elgoibar Ikastolako komunitateko hainbat kidek lagunduta. Eguraldi bikainak eta giro apartak lagunduta, goiz ederra partekatzeko aukera izan genuen naturan, emozioz eta esanahiz betetako ekitaldi batean.

Ekimenaren bidez, Felix Etxeberria “Parapan” gogoratu eta omendu nahi izan genuen. Elgoibar Ikastolako sortzaile eta sustatzaileetako bat izan zen, euskaltzale eta ikastolaren proiektuarekiko erabat konprometitutako pertsona. Bere ondarearen zati bat ikastolari dohaintzan utzi izanak aukera paregabea eskaini digu etorkizunera begirako espazio berezi bat eraikitzen hasteko.

Goizeko lehen orduan elkartu ginen, eta ondoren inaugurazio ekitaldiari ekin genion. Bertan izan ziren hitzak, bertsoak eta oroigarri moduan jarritako plakaren inaugurazioa. Une hunkigarriak bizi izan genituen, komunitatearen eta belaunaldien arteko loturaren adierazgarri.

 Ekitaldiaren baitan, zuhaitz bat ere landatu genuen, etorkizunarekiko konpromisoaren, sustraien eta komunitatearen sinbolo gisa. Keinu xume baina esanguratsua izan zen, lursail honi eman nahi diogun bizitasunaren eta jarraipenaren adierazle.  

Ekitaldiaren ondoren, mendi buelta txiki bat egin genuen inguruan zehar eta talde argazkia atera genuen “50 tontor” ekimenarekin bat eginez. Ekimen hau 2026ko Kilometroak jaiaren 50. edizioaren baitan antolatu da, Gipuzkoako ikastolen komunitatea eta sustraiak naturarekin lotuz.

Muskurutxuko lursaila etorkizunean ere bizirik mantentzeko eta hezkuntza, natura eta komunitatea uztartuko dituen espazio bihurtzeko asmoarekin jarraitzen dugu. Lehen urrats hau, zalantzarik gabe, berezia eta esanguratsua izan da.

Eskerrik beroenak bertaratu eta ekimena posible egin zenuten guztioi.

Azken albisteak

Irudia
Iaz Elgoibarren bizi izan genuen Kilometroak, eta aurten Lazkaok hartu du lekukoa. Urriaren 4an, berriz ere euskararen eta ikastolen inguruan elkartzeko eta egun eder bat elkarrekin bizitzeko aukera izango dugu. Elgoibartik Lazkaorako joan-etorria errazteko, Elgoibar Ikastolatik autobusa antolatuko dugu.
Irudia
Eusko Jaurlaritzak 2026-2027 ikasturterako unibertsitatez kanpoko ikasketetarako beka eta laguntzen deialdia zabaldu du. Laguntzak, besteak beste, Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta DBHko ikasleei zuzenduta daude.
Irudia
Ikasturte berriari hasiera eman diogu!
Irudia
Elgoibar Ikastolan DBHko bi ordezkapen egiteko irakasleak behar ditugu. Pertsona konprometitu, dinamiko eta talde-lanerako gaitasuna duen profesionala bilatzen dugu, ikasleen garapen akademiko zein pertsonalean ekarpena egingo duena.