Skip to main content

HAURTZAINDEGIA: 50 URTEKO IBILBIDEA

Irudia

HAURTZAINDEGIA: 50 URTEKO IBILBIDEA

1976an jarri zen martxan Pedro Miguel Urruzuno Haurtzaindegia, Mahalako gelan. Garai hartan, Elgoibar industrializazio-prozesu betean zegoen, eta industriaren garapenak lanpostu ugari sortu zituen herrian. Gizartea aldatzen ari zen, eta gero eta familia gehiagotan, bai aitak bai amak lan egiten zuten. Egoera berri horrek beharrizan berriak ekarri zituen, besteak beste, haur txikiak zaintzeko espazio egokiak izatea.

Ikastolak, ordea, hasieratik harago begiratu nahi izan zuen: haur txikienei zaintza-zerbitzua eskaintzeaz gain, euskaraz hazi eta hezteko espazio bat sortzea.

Ez zen bide erraza izan. Haurtzaindegia martxan jartzeko hainbat oztopo administratibo, sozial, burokratiko eta ekonomiko gainditu behar izan ziren. 1975ean iritsi zen onarpena eta, 1976an, lehen dirulaguntza. Horrela hasi zen gaur arte, belaunaldiz belaunaldi, iritsi den ibilbidea.

Berrogeita hamar urte hauetan asko aldatu da Haur Hezkuntzako lehen urteak ulertzeko modua. Gaur, inoiz baino argiago, haurra zaintzea eta heztea elkarrengandik bereizi ezin diren bi eginkizun direla ulertzen dugu. Atxikimendua, segurtasuna, autonomia, hizkuntza, mugimendua, jolasa, harremanak eta lehen aurkikuntzak dira ondorengo garapenaren oinarriak. Horregatik, Haurtzaindegia ez da zaintzarako zerbitzu hutsa, baizik eta Elgoibar Ikastolako hezkuntza-proiektuaren lehen urratsa.

Familiak ere aldatu dira, gizartea aldatu den bezala, eta baita haurren beharrei begiratzeko modua ere. Gaur egun, haurra bera jartzen dugu erdigunean, bere erritmoak, emozioak eta beharrak errespetatuz. Eta horrekin batera, familien eta hezitzaileen arteko harremana eta konfiantza hezkuntza-prozesuaren ezinbesteko parte direla ulertzen dugu. Haurtzaindegia haurrak, familiak eta hezitzaileak elkartzen dituen komunitatea da.

Gizarteak erronka berriak ere ekarri dizkigu. Jaiotza-tasaren beherakada, familia-ereduen bilakaera, kontziliazio-behar berriak edota kulturartekotasuna gure eguneroko errealitatearen parte dira. Testuingurua aldatu bada ere, haurtzaroaren lehen urteak zaintzeko eta kalitatezko hezkuntza eskaintzeko beharra ez da txikitu. Horrek gure proiektua etengabe berritzeko, familiei entzuteko eta eskaintzen dugun zerbitzua garai berrietara egokitzeko konpromisoa eskatzen digu.

1976ko haur haiek helduak dira gaur. Haien ondoren beste belaunaldi asko igaro dira gure geletatik, eta haietako batzuk ikastolara itzuli dira urte batzuk geroago, oraingoan beren seme-alaben eskutik. Horixe baita komunitate baten historiaren edertasunetako bat: belaunaldi batek utzitako arrastoaren gainean hurrengoa haztea.

Berrogeita hamar urte haur txikien pausoekin eraikitako historia luzea dira. Lehen hitzak, lehen jolasak, lehen lagunak, lehen beldurrak, lehen agurrak eta lehen aurkikuntzak. Eta horien guztien atzean, belaunaldiz belaunaldi, haurrei begiratu, entzun, zaindu eta hazten lagundu dieten hezitzaileak; eta haiengan eta Ikastolan konfiantza jarri duten familiak.

1976an hasitako bideak aurrera jarraitzen du. Garaiak aldatu dira, espazioak aldatu dira eta hezteko moduak ere aldatu dira. Baina badira bere horretan jarraitzen duten gauzak: haurrenganako begirada, familienganako gertutasuna, euskararekiko konpromisoa eta komunitate baten parte izatearen sentimendua.

50 urte igaro dira. Eta bideak aurrera jarraitzen du: haurrak erdigunean, familiak bidelagun eta euskara etxe.

Bukatzeko, eskerrak eman nahi dizkiogu Edurne Elorzari, garai hartako gure sukaldari maiteari. Janariak bere etxean prestatzen zituen, eta eguerdietan hara joaten ziren haien bila. Prestatutako poltsa hartu eta gelara itzultzen ziren. Zein bazkari goxoak prestatzen zituen!

Eskerrik asko, Edurne, egindako lan guztiagatik eta eskaini zenigun arretagatik! 💚

Azken albisteak

Irudia
Ikastolako Eskolaz Kanpoko jardueren artean, Adierazpen Plastikoan, naturak eskaintzen dizkigun elementuak arte-lan eder bihurtu dituzte gure ikasleek.
Irudia
Urriaren 1ean, Elgoibar Ikastolak bat egin du "Gure haurrak ere badira" ekimenarekin eta "Euskal Herriko hezkuntza Palestinarekin" mobilizazioarekin. LH eta DBHko ikasleak Erdiko Aretoan elkartu gara eta minutu bateko isilunea egin dugu, Palestinan bizi den egoeraren aurrean elkartasuna adierazteko.
Irudia
Iaz Elgoibarren bizi izan genuen Kilometroak, eta aurten Lazkaok hartu du lekukoa. Urriaren 4an, berriz ere euskararen eta ikastolen inguruan elkartzeko eta egun eder bat elkarrekin bizitzeko aukera izango dugu. Elgoibartik Lazkaorako joan-etorria errazteko, Elgoibar Ikastolatik autobusa antolatuko dugu.
Irudia
Eusko Jaurlaritzak 2026-2027 ikasturterako unibertsitatez kanpoko ikasketetarako beka eta laguntzen deialdia zabaldu du. Laguntzak, besteak beste, Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta DBHko ikasleei zuzenduta daude.