Skip to main content

Eskola Hiztun Bila

2022/10/28

Eskola komunitateko hizkuntza teknikarion "Eskola Hiztun Bila" urteroko biltzarrean, elkarlana izan da aurtengo ekitaldian ideia nagusia. Euskararen erabilera sustatzeko eta haur eta nerabeen euskarazko sozializazioan eragiteko gela barruko nahiz kanpoko hainbat praktika elkarbanatu dira Gasteizko Jesus Guridi kontserbatorioan, bi egunez iraun duten jardunaldietan. Elgoibar Ikastola bertan izan da.

Eskola Hiztun Bila

Eskola Hiztun Bila

Eskola komunitateko hizkuntza teknikarion "Eskola Hiztun Bila" urteroko biltzarrean, elkarlana izan da aurtengo ekitaldian ideia nagusia. Euskararen erabilera sustatzeko eta haur eta nerabeen euskarazko sozializazioan eragiteko gela barruko nahiz kanpoko hainbat praktika elkarbanatu dira Gasteizko Jesus Guridi kontserbatorioan, bi egunez iraun duten jardunaldietan. Elgoibar Ikastola bertan izan da.

 

Eskola_Hiztun_Bila_2

Erronka kualitatiboen garaia

Euskararen normalizazioa mugarri duten Ulibarri programako jardunaldi hauek bertatik bertara sortuak eta partekatuak izateko edukiz eta borondatez ospatu dira aurten. Horrenbestez, hainbat praktiken ezagutza eta bilgune bihurtu da Jesus Guridi Kontserbatorioa jardunaldiak iraun duten bi egunetan.

 

D eredua egonkortua den garai hauetan bere arrakastaz asko eztabaidatzen da oraindik orain. Izan ere, azken hamarkada hauetan gure ikastetxeetako haurren euskararen ezagutza mailak gorakada nabarmena egin badu ere, ezagutza maila horrek talka egiten du bete-betean gure hizkuntzaren erabilera mailarekin. Bilakaera kezkagarri honek, gainera, etapa desberdinetan aldioro ditugun jatorri desberdineko ikasleen sarrerarekin bizi behar du, murgiltze prozesua kolokan jarriaz maila eta etapa desberdinetan. 

 

Ondorio horretara iritsi ziren Joseba Ibarretxe eta Iñaki Biain, Berritzegune Nagusiko eta Irungo Berritzeguneko aholkulariak, hurrenez hurren. Izan ere, D ereduaren hastapenetan murgiltze prozesu arrakastatsua emateko behar ziren baldintzak betetzen ziren bezala, orain, gizartean gertatu diren aldaketa ugariren ondorioz, gure ikasle etorkinen murgiltze prozesua kinka larrian baita. 

 

Azalpenak aurkitze aldera, gaur egungo gizartearen eta familien konplexutasuna aipatu ziren. Gure arreta familietara zuzendurik, etxeko hizkuntza gaztelania izatea oso zabaldua egotea, eta, beraz, bere garaian D ereduan ikasitako gurasoen etxeetan gaztelania izatea nagusi. Horrekin batera, “irakatsiko diote ikastolan” leloarekin ikastolak dena ahal duela uste izatea, edo ikastolari zama guztia egoztea. Eta irakasleen artean ere, lehen, hezkuntzan, hizkuntza/euskara irakasleagoak izatea orain baino, euskararen irakaspenaren kezka orokorra zen garai batetik, ezagutza maila gora egin duen ahala irakasleen artean difuminatua geratu den kezka bat izatera pasa baita. Alegia, lehen murgiltze ereduarekin irakasle konprometituagoak aurkitzen zirela orain baino. Guztiarekin, orain 30 urte berezkoak ziren baldintzak egungo gizarte honetan ematea zail den egoera batean bizi garela ondorioztatu zuten bi aholkulariek, eta baldintza horiek sortu egin behar diren garai batean bizi garela. Bidegurutze batean gaude. Erronka kualitatiboen garaia da.

 

Irale: R600 eta R900 ikastaroak

Erronka kualitatibo horiei begira jarrita, ahozkotasuna gela barruan lantzeko hainbat praktika eta proiektu azaldu ziren lehen egunean. Lehena R600 ikastaroa izan zen, IRALEK eskainia, irakasleak euskal kulturan prestatzeko borondatez sortua. Euskal dimentsioa bere osotasunean, fenomeno kultural eta mundua ulertzeko eran hartzea da ikastaro honen funtsa. Eduki soziolinguistikoaz gain, literaturaz, historia eta geografiaz, herri kulturaz (euskara egunetik egunera sortzen ari garen fenomeno bizia delako deian eraginez), eta artea bezalako adierazpenetan egiten du azpimarra ikastaro honek. Oinarrian, euskalduntzea euskara ikastea baino gehiago dela.

Aldiberean, R900 ikastaroak irakasle guztiak hizkuntza irakasle izateko urrats bat ehiago ematera dator, irakasleen ahozko konpetentzian eta gaitasun didaktikoan eraginez (alegia, gela barruan ahozkotasuna nola landu aztertuz). Ikastaro honetan amaierako txosten bat idaztea eskatzen zaie irakasleei, amaitutakoan hura gelaratzeko. Proeiktuak etapa desberdinetara bideratuak izan daitezke, HHn euskaraz ez dakitenentzat ahozkotasuna lantzeko errutinekin, ikusi genuen adibide baten harira.

 

San Fermin ikastola

San Fermin ikastolatik praktika gogoetatsuen ildotik jardun dute ikasleen ahozko gaitasunak kezkatuta. Praktika gogoetatsuaren muina irakasle talde aktiboa da, eraldaketa etengabeko prozesu gisa ulertuz. Irakaslea bere prozesuaren agente aktibo bihurtzen da, irakasle taldearen laguntzarekin elkarlanean. Eguneroko jardunaren abiapuntutik, hura aztertu, ebidentziak jaso eta guztion artean partekatuz, gogoeta egitea da gakoa.

Huheziko Eragiten programaren ildoak jarraiki, elkarrekintza didaktikoa da gakoa. Gela barruan ikasleen kontaktuzko geruzan gertatzen den hura, alegia. Eta fokua nahi den eremuan jar daitekeelarik (betiere gela barruko hiru eremuak bistatik galdu gabe, alegia, eremu soziala, kognitiboa eta hizkuntzazkoa bera), aztergai daukagun proiektu honetan hizkuntzan jarrita izango genuke foku hori berariaz. Elkarrekintza didaktiko horretan, irakasle bakoitzaren jarduna hein batean eta hizkuntzazko helburu txikien baitan diseinatzea da gakoa. Praktika gogoetatsuaren alderik berritzaileena, baina, irakasle bakoitzaren jardun hori irakasle taldearekin partekatzea litzateke, erabaki kolektiboak bideratze aldera.

Horrela, gelaratzea diseinatu duen irakasleak bere jarduna grabatzen du eta autokonfrontazio prozesuari ekiten zaio. Epairik gabe, ikusten den hori, irakasleak egindakoa ulertzea da xedea. Eta guztion artean erabaki komunak hartzea, hizkuntzazko eremuan helburu izan den hura aztertuz.

San Fermin ikastolan metodologia hau matematikako Innovamat programarekin eraman dute aurrera. Aukera paregabea hizkuntzazko helburuak matematikako arloan txertatu ahal izateko, Innovamat material didaktikoak horretarako bidea eskaintzen duela ikusirik. zer esanik ez lanjetan Hizkuntzaren Trataera Bateratu bat daukala helburu. Horrela, matematikaren didaktikan egiten den horretatik abiatuz, irakasle taldeak erabakiak adosteko eta inplementazio sitematikoa aurrera eramateko parada izan du.

 

Elkarhitz eta Berbalapiko

Lehen egunari amaiera emateko IPI Sansomendi ikastetxeko Elkarhitz proiektua eta Berbalapiko, Ahozkotasunean eragiteko programa izan genituen hizpide. Lehena, San Fermin ikastolak bezala praktika gogoetatsua eta elkarrekintzaren metodologia jarraiki, bertako jardun propiotik abiatuta irakasle taldearen hausnarketak koirakaskuntza testuinguru batean jarri ditu proiektuak, ehuneko altu batean lehen hizkuntza gaztelera duen ikastetxean. 

Berbalapikoz denaz bat, ahozkotasunean eragiteko programa honen muina errutinak direla esango genuke. Errepikapenaren ondorioz oinarrizko hizkuntza formen ezagutza aldamiajea deitzen duten praktika sistematizatuan. Etapa guztietan da gelaratze minimo bat. HH eta LH lehen zikloan minitu eskaxeko errutinak. Lehen hezkuntzako bigarren zikloan, aldiz, helburu komunikatiboak zehatzera behartuz Sekuentzia Didaktikoetan. Hemen aurretestuari eman zitzaion garrantzia. Hesieratik planteatzen den erronkan helburu komunikatibo zehatz bat aurkezten zaie ikasleei, hasierako eskuhartze handirik gabe aurretestu grabatu bilakatzen dena. Aurretestu honetatik abiatzen den hobekuntza prozesuak betetzen du sekuentzia didaktikoaren gorputza, testu generoaren lanketan ardazten dena. Hilabeteak lanketa horretan eta irakaslearen eskuhartzea tarteko, ondotestua prestatzen da.

 

UDALTOP eta ELE-MELEKA

Bigarren egunari hasiera emanez, Lasarte-Oriatik bi egitasmoren berri eman zizkiguten. Batetik, Iñaki Arrutik Udaltop egitasmoaren aurkezpena egin zigun. "Eskolak bakarrik ezin badu..." esaldiari erantzuna eman nahian, eta eskolak gela barruan daukan pisu erreala argitu ostean (%14 da haur baten urte bateko ordu kopuruan), egitasmo honek eskolaz kanpoko jardueretan jarri du begia, eremu pribatua (familia eta lagunak) eskolaren eskuhartzetik kanpo utzita.

Labur esanda, eremu publikoan neurri instituzionalak lortzea ezinbesteko jotzen du Udaltopek. Eskolaz kanpoko udalerriko jarduera guztiak euskarazko arnasgune sozio-funtzional bihurtzea, Eskola Kirola euskaraz egiten dela bermatzea hezitzaileen euskarazko jarduna zainduz eta bermatuz, eta neurri hori Lege Berrian akordio soziopolitiko eran blindatuz.

Lasarte-Oriatik bertatik Ele-meleka proiektua aurkeztu ziguten, DBHn nerabeen hizkuntzan sozializazioa bilatu nahian. LH eta DBH barne hartuko zituen zerbait integrala egin nahi izan zuten Lasarte-Orian hizkuntza jarrerak eta pertzepzioak lantzeko. Hizkuntza asertibitatea edota hizkuntza ohiturak aldatzeko tresna berriak izan zituzten horretarako abiapuntu. Paula Kasaresen saozializazioari buruzko ekarpenetatik abiatuta, ele-meleka proiektuak nerabeen euskararekiko harremanean eragiten du bete-betean. DBH guztian hedatuak diren saioz osatzen da bere edukia, lehen sentsibilizazio eta ezagutza saioetatik abiatuz, erreferenteak izango diren taldetxoak sortuz maila bakoitzean. Euskararekiko hurbiltasuna, atxikimendua, afinitatea bilatzea da xede. Hasierako fasea klase ordutan burutzen badira ere behin taldetxoak antolatu ostean, konpromisoz, eskola orduz kanpo aritzea eskatzen zaie ikasleei erraz egitea eta erraz neurtzea helburu duten jardunetan. Euskara hurbil dutenei protagonismoa ematea da gakoa. Gazte eragileen batzordeak sortzea. Kuadrillategi eta Faktoria egitasmoak bulkada horren emaitza dira.

Kulturartekotasuna eta euskara: Zaldibiako bidea

Bigarren egunari jarraipena emateko Gurasoei bideratua den Zaldibiako Ikastolako kasua aztertu genuen. Zaldibia, Ordiziatik oso gertu den herri euskalduna, etorkinez bete da azken urteotan. Ikastolak harrera egin behar izan die jatorri desberdineko familia ugariri, eta honek D eredu ertsian biziraun duen ikastolaren martxa asko baldintzatu du. 

Elkarbizitza gaietan aditua den Amelia Barquinen ondotik garatu duten proposamenean, elkarrizketa, enpatia, ezagutza (soziolinguistikoa) eta batipat alde bateko zein bestekoen kontsezioa ditugu aipatzeko. Batzuek zein besteek egin behar izan dute elkarren ezagutza eta elkarren aitortza. 

Horretarako kontakizun bat transmititzea beharrezkoa izan dute. Zergatik ari garen euskaraz horren temati, zer den hizkuntza gutxitu bat eta D ereduan egoteagatik gaztelania ikasiko ote duten beldurra uxatuko duen kontakizuna. Gaztelania ez erabiltzea azaldu egin behar da, arnasgune bat zer den ere bai.

Egitasmoaren garapenak ekarri dituen berrikuntzen artean, eskolako bilerak euskaraz egiten segitzeko beharrak sortu duen aldibereko itzulpena daukagu batetik, Telegram bidez gauzatua. Gurasoen arteko komunikazioa ere Telegram taldeen bitartez egitea lortu dute, whatsapp talde polemikoak ordezkatuz. Telegram sare sozialak bere alde dauka difusio kanala izateaz gain klik erraz batean aukeratutako hizkuntzara itzultzen dituela mezuak. Bestelako oharretarako ere sare sozial honen abantailak aztertu dituzte Zaldibian. 

Thierry Biscary

Egunari amaiera emateko musikari baxenafarra izan genuen bere esperientzien berri emanaz. Sorkuntzaz aritu zen, haur eta nerabeei askatasuna eta konfidantza eman behar zaiela adieraziz. Beraien hizkuntzan adierazten utzi behar diegula, ondoren, euskaraz aritu nahi dutenerako, aski trabatuak egon daitezen. Egiten uzti behar zaie, gaizki ere bai, ikasteko modua baita. Bere esperientzia pertsonaletik aritu zen Thierry, eta bere musika dohaiak bertaratu zen jendearekin partekatu zituen, guztiak mugiaraziz parte hartzera, sorkuntza hartueman emankorraren fruitu dela erakutsiz

 

Azken albisteak

Irudia
2024-11-26
Joan den ostiralean, seigarren mailako ikasleek ilusioz hartu zuten parte herriko elkartasun ekintza batean. Hainbat supermerkatutara joan ziren, eta elikagaiak biltzen lagundu zuten, gehien behar duten familiei laguntzeko.
Irudia
2024-11-22
DBH4an, ekonomia arloan Kutxarekin batera Finantzak Bizitzarako Proiektuan hartu dugu parte.
Irudia
2024-11-22
Aste honetan LH3ko ikasleak Leintz Gatzagan egon ziren.
Irudia
2024-11-21
Aste honetan pedagogiaz mintzatzeko bi eguneko foroa izango da Donostian eta bertan Pertsona-ereduaren erabakitzaile-ekintzaile eta barne sendotasuna duena bereizgarrietan sakonduko da.