Skip to main content

EUSKARAREN EGUNA 2025

Irudia

Euskararen Eguna Elgoibar Ikastolan

Bihar Euskararen Eguna ospatuko dugu Elgoibar Ikastolan, eta berriro ere agerian utziko dugu euskara ez dela soilik hizkuntza bat, baizik eta komunitatea ehuntzen duen haria, harremanak eraikitzen dituena eta gure egunerokoari zentzua ematen diona.

Ikastola osoan zehar antolatutako egitarauaren bidez, txikienetatik handienetara, ikasleek euskaraz bizitzeko, sortzeko eta partekatzeko aukera izango dute. Antzerkia eta ipuinak, pregoia eta kantuak, jolasak eta dantzak uztartuko dira, etapa eta adin ezberdinak elkartuz, euskara bizipen partekatu bihurtuta.

Azaroaren amaieraz geroztik euskal sortzaileen bisitek eman diote hasiera ospakizunari, eta gaur ikasle eta ikasle ohien ahotsak eta gogoetak ere izan dira entzungai Herriko Antzokiko mahai-inguruan. Horren guztiaren bidez, euskararen iragana, oraina eta etorkizuna lotu nahi ditugu, hizkuntza bizia delako eta belaunaldiz belaunaldi eraikitzen delako.

Bihar euskara aldarrikatzeko eguna izango da, baina batez ere euskaraz bizitzen jarraitzeko konpromisoa berritzeko unea. Gure ikasleen irribarreetan, elkarlanetan eta ahotsetan ikusten dugulako euskarak baduela biharra... eta biharra guztion artean eraikitzen dugu.

Gora Euskararen Eguna Elgoibar Ikastolan! 🎈🗣️

Azken albisteak

Irudia
Ikastolako Eskolaz Kanpoko jardueren artean, Adierazpen Plastikoan, naturak eskaintzen dizkigun elementuak arte-lan eder bihurtu dituzte gure ikasleek.
Irudia
Aurten, Kilometroak Lazkaon ospatu da, eta gure DBH 4. mailako ikasle talde batek Erronkan parte hartu du. Hasieratik amaierara, gure ikasleek parte-hartze aktiboa, jarrera bikaina eta inplikazio handia erakutsi dituzte.
Irudia
Urriaren 1ean, Elgoibar Ikastolak bat egin du "Gure haurrak ere badira" ekimenarekin eta "Euskal Herriko hezkuntza Palestinarekin" mobilizazioarekin. LH eta DBHko ikasleak Erdiko Aretoan elkartu gara eta minutu bateko isilunea egin dugu, Palestinan bizi den egoeraren aurrean elkartasuna adierazteko.
Irudia
Iaz Elgoibarren bizi izan genuen Kilometroak, eta aurten Lazkaok hartu du lekukoa. Urriaren 4an, berriz ere euskararen eta ikastolen inguruan elkartzeko eta egun eder bat elkarrekin bizitzeko aukera izango dugu. Elgoibartik Lazkaorako joan-etorria errazteko, Elgoibar Ikastolatik autobusa antolatuko dugu.