Skip to main content

UDALBATZARRA

Irudia

Elgoibarko ikastetxeek azoka solidarioaren balorazioa aurkeztu dute Udalbatzarrean

Debegesarekin eta Udaleko Ingurumen Sailarekin elkarlanean, Elgoibar Ikastolak, Herri Eskolak eta Elgoibar BHIk martxoaren 9an Aita Agirre plazan egindako azoka solidarioaren proiektuaren balorazioa aurkeztu dute azken Udalbatzarrean, Eskola Agenda 2030 ekimenaren baitan.

Azoka solidarioaren helburu nagusia kontsumo arduratsua, berrerabilpena eta ekonomia zirkularra sustatzea izan zen, eta herritarren parte-hartze handia lortu zuen. Udalbatzarrean, ikastetxeetako ordezkariek eta antolatzaileek proiektuaren garapena, emaitzak eta ondorio nagusiak azaldu zituzten.

Aurkezpenean bereziki azpimarratu zen ekimenak komunitatean izan duen eragin positiboa, bai ingurumen-hezkuntzaren ikuspegitik, bai herritarren inplikazioari dagokionez. Azokak izaera solidarioa ere izan zuen: bildutako 1.091,90 euroak Nuala Elkartearentzat izan ziren, eta saldu gabeko materiala Gurutze Gorriari eta Caritasi eman zitzaien.

Udalak oso balorazio positiboa egin du proiektuaren inguruan, nabarmenduz hezkuntza-komunitatearen, Udaleko Ingurumen Sailaren eta Debegesaren arteko lankidetzak tokiko jasangarritasunaren sustapenean egiten duen ekarpena. Halaber, adierazi dute ekimenak Agenda 2030aren helburuekin bat egiten duela, eta gazteen parte-hartze aktiboa funtsezkoa dela kontsumo ohitura arduratsuagoak eta ingurumenarekiko konpromisoa indartzeko.

Azken albisteak

Irudia
DBH3ko ikasleak Olaizaga kiroldegian eskalada lantzen aritu dira hiru egunez! Esperientzia honen bidez, erronka berriei aurre egin, norberarenganako konfiantza indartu eta talde-lana sustatzeko aukera izan dute, betiere esperientziaz gozatuz.
Irudia
Ikastolako Eskolaz Kanpoko jardueren artean, Adierazpen Plastikoan, naturak eskaintzen dizkigun elementuak arte-lan eder bihurtu dituzte gure ikasleek.
Irudia
Aurten, Kilometroak Lazkaon ospatu da, eta gure DBH 4. mailako ikasle talde batek Erronkan parte hartu du. Hasieratik amaierara, gure ikasleek parte-hartze aktiboa, jarrera bikaina eta inplikazio handia erakutsi dituzte.
Irudia
Urriaren 1ean, Elgoibar Ikastolak bat egin du "Gure haurrak ere badira" ekimenarekin eta "Euskal Herriko hezkuntza Palestinarekin" mobilizazioarekin. LH eta DBHko ikasleak Erdiko Aretoan elkartu gara eta minutu bateko isilunea egin dugu, Palestinan bizi den egoeraren aurrean elkartasuna adierazteko.