Skip to main content

Ikastolako Berriak

Datorren martxoaren 14an Korrikaren 23. edizioari hasiera emango zaio Irunen Harro Herri lemapean. Elgoibartik, zehazki, martxoaren 20an pasako da eguerdiko 12:10 aldera iritsiko delarik. Ikastolak edizioro bezala hartuko du parte ekimenean bi kilometro eskuratuz: gurasoena bata, langileena bestea. Gurasoen kilometroa erosteko gaurtik hasi eta martxoaren 15era Erdiko Aretoan kutxa bat egongo da familiek euren ekarpena egin dezaten. Animatu eta parte hartu!
Aurten ere ekaina eta uztaileko udalekuen eskaintza prest du Zirimola ikastolen aisialdi taldeak. Izen-ematea aste honetan, martxoaren 6an ireki da. Hona udarako prestatutako egitasmoen eskuorria.
Badira hiru urte Euslider egitasmoarekin hasi ginela ikastolan. DBHko ikasleak hizkuntza-aniztasunaren garrantziaz sentsibilizatzea eta euskararen erabilera informala bultzatzea helburu daukan proiektu honek Ahizeko adituen eta Udalaren laguntza jasotzen du. Ekintza horien baitan, aste honetan “Madalena tailerra” antolatu dute. Hona ekintzak utzi dizkigun argaki batzuk.
Elgoibar Ikastolak antolatzen duen Pilota Eguna ospatuko dugu hurrengo larunbatean, martxoak 9. Ikastolako 6 eta 13 urte bitarteko neska-mutilek parte hartuko dute bertan. XXIV. Pilota Eguneko finalera sailkatu diren bikoteek Kalegoen plazako frontoian (euria egingo balu, ikastolan) jokatuko dituzte finalak, 10:30etik aurrera. Guztira hamalau partida jokatuko dituzte, 12 tantora. Barruan duzue goizean zehar parte hartuko duten pilotarien zerrenda.
Morkaiko mendizale elkarteak, Ikastolako eta Herri Eskolako gurasoekin batera antolatzen dituen mendi irteeren baitan, irteera berria proposatzen digu martxoaren 10erako: Elgoibartik Azitainera (Eibar). Oraingoan ez dira urrutira joango. Herri bertatik abiatuko dira oinez. Xehetasunak barruan.
Begoña Arizmendi jangelako begiraleak aurtengo ikasturtean erretiroa hartu du, 20 urtez jangelako begirale izan ostean. Eskerrik asko urte guzti hauetan ikastolako jangelan egin duzun ekarpen eta lan guztiagatik. Etapa berriaz gozatzea opa dizugu, orain artean bezala, zure umorea leku desberdinetan zabalduz. Eskerrik asko Bego!!!