Skip to main content

Elgoibar Ikastolak STEM School Labela aintzatespena jaso du

steam

Elgoibar Ikastolak jaso berri du STEM School Labela aintzatespena. Errekonozimendu honek azken urteetan STEM arloetan (Science, Technology, Engineering and Mathematics) eginiko lanari merezitako aitortza egiten dio.  


 

Zer da STEM School Labela?

 

STEM School Labela (ikastetxeetako zientzia-teknologia ikas-arloen gaitasun-zigilua) European Schoolnet-en baitako Scientix-en ekimena da. Hain zuzen, STEM gaietan (zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematikak) Europako ikastetxeen lan pedagogikoa diagnostikatzen laguntzeko, aitortzeko eta bikaintasuna bultzatzeko ekimena da.

Euskal Herrian, Irlandan, Kroazian, Letonian, Maltan eta Txekiar Errepublikan, guztira 37 ikastetxek lortu dugu Competent mailarainoko labela. 


 

Elgoibar Ikastolaren kokapena

 

Elgoibar, bereziki, industria herria izan da betidanik; eta halaxe da gaur egun ere. Bertako jarduerarik garrantzitsuena makina-erremintaren ekoizpena da. Hori kontuan izanik, Elgoibar Ikastolaren helburua da bertan ikasten duten ikasleei beren testuingurura moldatzeko tresnak eta baliabideak eskaintzea. 

Gure ikastolaren izaera berritzailea eta eraldatzailea izanik, azken urteetan apostu handia egin dugu STEM arloekiko eta, bereziki, horietan nesken presentziarekiko. Ikasleen orientazioa egitean, esaterako, herrian dauden hainbat enpresa zein makina-erraminta eskola bisitatzen dira.   


 

Elgoibar Ikastolaren ibilbidea STEM barruan

 

STEM arloetan lan handia egiten ari da aspaldian Elgoibar Ikastola. STEM School Label zigilua lortu baino lehen gure ikasleek garatutako proiektuek eta eginiko ahaleginak izan dute beren aitortza, aipagarrienetakoa 2020an Eusko Jaurlaritzaren STEAM zigiluaren lorpena izanik. Hori gutxi ez, eta ordutik urtetik urtera errekonozimendu hori erdiesteko lanean jarraitu dugu proiektu ezberdinak aurkeztuz. 

  

         


 

Bestalde, STEAM-Sare ekimeneko partaide gisa, 2019an gure ikasleek garatutako “Kargagailu fotoboltaiko”en proiektua gauzatzeko Arabako Parke Teknologikoan kokatua dagoen CIC-Energigune enpresarekin elkarlana lortu genuen. Proiektu hartan, gure ikasleek diseinatutako kargagailuak Arabako enpresarekin elkarlanean gauzatzeko ahalegina egin zen, baina, Covid-19ak proiektua bere osotasunean gauzatzea ekidin zuen. Hartu-eman hura gauzatzeko aukerarik ez izan arren, Elgoibar Ikastolak ez zuen proiektua bertan behera utzi, eta egokitzapen batzuk egin ostean, plaka-fotoboltaiko txikiak erosi eta proiektua aurrera ateratzea lortu zuen.   


 

Argazkia: proiektuaren barruan ikasleen motibazioa pizteko kanpo espazioan egin zen murala ikusgai.


 

Azken urteetan Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak sustatutako STEAM Euskadi Estrategiaren barruan dagoen eta STEAM Hezkuntza programaren osagarria den STEAM Sare proiektuan ere hartu dugu parte. Tailer hauen helburua ikastetxeen eta enpresen arteko harremana sendotzea da, eta gurean Mondragon Unibertsitatearekin eta Iberdrola enpresarekin saretzea lortu dugu.

 

STEAM gaiekin lotura zuzena duten beste hainbat ekimenetan murgildurik jarraitzen dugu: Emakume Zientzialarien Nazioarteko Egunaren aldarrikapenean, Elgoibarko udalak antolatzen duen Zientzia Azokan, Debegesako STEAM Erronkan, enpresa eta unibertsitateekin elkarlan ezberdinak, STEAM-Sare sareko partaide… Hauek guztiak goraipatu dituzte osoki ingelesez garatu den STEM School Label prozesuan. 

 

           

 

Azken albisteak

Irudia
Urriaren 1ean, Elgoibar Ikastolak bat egin du "Gure haurrak ere badira" ekimenarekin eta "Euskal Herriko hezkuntza Palestinarekin" mobilizazioarekin. LH eta DBHko ikasleak Erdiko Aretoan elkartu gara eta minutu bateko isilunea egin dugu, Palestinan bizi den egoeraren aurrean elkartasuna adierazteko.
Irudia
Eusko Jaurlaritzak 2026-2027 ikasturterako unibertsitatez kanpoko ikasketetarako beka eta laguntzen deialdia zabaldu du. Laguntzak, besteak beste, Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta DBHko ikasleei zuzenduta daude.
Irudia
Elgoibar Ikastolan DBHko bi ordezkapen egiteko irakasleak behar ditugu. Pertsona konprometitu, dinamiko eta talde-lanerako gaitasuna duen profesionala bilatzen dugu, ikasleen garapen akademiko zein pertsonalean ekarpena egingo duena.
Irudia
Azpeitiko Ikastolak saldutako Tanta txartelak irabazi du aurtengo zozketa. Euskal Herriko Ikastolen aldeko Tanta zozketaren zenbaki saritua 69.834 izan da, eta txartelaren jabea azaldu da jada.